| iritzia;2003-09-28;hitzordua . Buruzagitza aldaketa EBBn
Aldez
aurretik preparaturiko porrota
Mikel Agirregabiria
hezitzailea
Eman dezagun gizartearen aurrerabidearen izenean lanaren kalitatearen kontrola ezartzen dela eta, horri segika, hiru hilean behin langile guztien ebaluazioa egiten dela
eta horren arabera erabakitzen dela soldata kobratuko
duten edo ez, kategoria aldatuko zaien edo ez eta oporrak
kenduko zaizkien edo ez. Eman dezagun azterketa horiek
lehendik jakinaraziak zein ezustean eginak ezin
aldatuzkoak direla eta bizi guztirako ezartzen direla. Are
gehiago: makalenak ordu gehiago egin beharko ditu, kobratu
gabe, bukatu gabeko lana bukatzeko, eta, behar balitz,
etxera eramango du lana, gauean bukatzeko. Eman dezagun
oso maiz erabakitzen dela soldatapeko bat alferra izan
dela eta, beraz, horren ondorio latzak sufritu beharko
dituztela bai berak eta bai familiak: urtebetean kobratu
gabe lan egingo du; azkenean, kaleratu egingo dute,
ebaluazio ezkor gehiago egiten badizkiote, eta
espedientean, gainera, lan egiteko ez duela balio
adieraziko dute. Eman dezagun metodo horri segika
langilerik ahulenak ezertako ez diren alprojatzat jotzen
dituztela ingurukoek, eta azkenerako haiek ere halakotzat
jotzen dutela beren burua. Eman dezagun gizarte guztiak
onartzen duela lan ikuskarien neurri horiek hutsik egin
gabe eta betiko ekar dezaketela hiru langiletik batek ez
duela ezertarako balio, bitik batek ozta-ozta betetzen
duela lana eta seitik bat bakarrik moldatzen dela ondo,
gainerakoek estimatzeko moduan.
Kontra
egin beharko litzaioke sistema ezin onartuzko horri?
Halako egoera despotikoa agintekeria nabarmenaren
erakusgarri izango litzateke? Eta hori adingabeei egingo
balitzaie eta pobreenen seme-alabak ia kondenaturik egongo
balira beti baztertuak izatera eta langile txartzat
hartuak izatera gurasoak bezala, lanean hasi eta segituan?
Bada, horixe egiten zaie haurrei eta gazteei hezkuntza
sisteman. Zer irudituko litzaieke helduei tarteka lanari
buruzko buletina etxera eraman beharko balute, familia
guztiak ikus eta sina dezan familiari ere eragingo dio,
neurri batean, balorazioa ez bada baikorra? Kalifikazioak
izango lituzke hainbat eta hainbat arlori buruz:
kontzentrazioa, oroimena, arrazoitzea, hizkuntzak,
ahalegin fisikoa... Horiek, beharbada, ez dute batere
zerikusirik izango azterturiko pertsonaren gaitasunekin
eta interesekin, baina gordin-gordin esan dezakete:
«Jarrera: Ez da saiatzen. Emaitza: Oso txarra. Oharrak:
Berriz ere arreta galtzen badu, etxera bidaliko dugu
astebeterako. Orain hobera egiten ez badu, udan lan egin
beharko du, eta hori aski ez bada, lehengoan urtebete egin
beharko du, ezer kobratu gabe, bere adinari dagokion lana
bete arte. Hala eta guztiz ere hobera egingo ez balu,
enpresatik alde egin beharko du. Kontrolaren laburpena:
Urlia lan aldetik atzeratua da, eta gizartean porrot egin
du». Familiak hura ere errudun izanik aztertu beharko du
nola konpondu arazoa: zigortuz edo sendotzeko eskolak
harraraziz eta laguntza psikologikoa emanez, berriz ere
azterketa egin eta gainditzeko.
Guztiz aldatu behar dugu eskolako ebaluazio sistema,
ikasleentzat trauma iturri izan ez dadin, familiei
estigmarik ekar ez diezaien eta eskola komunitate guztiak
ondo jardun dezan. Ezin onartuzko okerra da hainbeste
porrot ekartzen duen sistema (Derrigorrezko Bigarren
Hezkuntza bukatzean, %18 Euskadin, %28,6 Estatuan...).
Datu horiek ondo neurtzen dituzte, ez ikasleak, baizik eta
eskola sistemaren hutsuneak. Sistema aldatu beharra dago,
didaktika eta ebaluazio sistema moldatuz. Beharbada,
hezkuntza maila guztietan etengabeko ebaluazio egiazkoa
egitea da onena, kreditu sistemaren bitartez. Sistema
berritzaile aktiboa behar da, eskola epe bakoitzera
egokitua, eta jakintza, jarrera, prozedura, gizarte
alderdia eta beste aztertu behar dira. Azterketa arruntak
ez dira gehiegi erabili behar, baina modua egin behar da
ikasleak eta familiak argi jakin dezaten eskolako
bilakaeraren berri. Beste biderik ez dago, aldeak
gainditzeko eskola baten alde egiten badugu eta «etorkizuna
lapurtu dieten» ikasleei lehenbailehen bidea zuzentzeko
aukera egiazkoa eman nahi badiegu. Hala egin ezean, haiek
eta gizarte guztiak porrot egingo dute erremediorik gabe.
|