iritzia;2003-09-28;hitzordua . Buruzagitza aldaketa EBBn
Eskola eta erlijioa
Mikel Agirregabiria
/ PEDRO PABLO ARRINDA
hezitzailea
/
HISTORIA IRAKASLEA
Erlijioaren irakaskuntzak bestelako
estatutu eta helburuak ditu orain, LOCE Hezkuntza
Kalitatearen Lege Organiko berria dela medio. Artikulu
honetan, Rafael Artatxo irakasleak bildutako datuetan
oinarriturik, aldaketa horiek aztertu ditugu eta Euskal
Hezkuntza Sisteman erlijioaren irakaskuntza berritzeko
bidea proposatzen dugu. Espainiako Estatuan, 25 urteko
trantsizio politikoaren ondoren, erlijioaren irakasgaia
konpondu gabeko kontu bat da. Francoren agintaldian,
erlijio katolikoa guztiei nahi eta nahi ez erakutsi
beharreko irakasgai bat izan zen. 1978ko Konstituzioak,
aldiz, erlijio askatasuna funtsezko eskubidetzat jo zuen
eta gurasoei seme-alaben heziketa erlijioso eta morala
aukeratzeko askatasuna eman zien; Konstituzioak dio,
gainera, eskubide horiek botere publikoek babestu behar
dituztela (27.3 artikulua). Egoera hori zela, 1979ko
urtarrilaren 3an, Estatuak eta Vatikanoak irakaskuntzari
buruzko akordioak egin zituzten. Eta hiru kontu berri
ekarri zituzten: 1.) Ikastetxe guztietan irakasgaia
derrigorrezkoa izatea erabaki zuten, baina hautazkoa izan
behar zuen ikasleentzat (edo haien familientzat), eta
eskolan inor ez zen baztertu behar irakasgaiari heltzea
edo muzin egitea erabakitzeagatik. 2.) Irakasleek ez zuten
zertan erlijioa irakatsi. 3.) Eskolan erlijioa irakatsi
beharreko irakasleak aukeratzeko eskubidea Elizari aitortu
zitzaion. Akordio horiek, beraz, Erlijio katolikoaren
ordezko irakasgai bat ekarri zuten, batetik, eta Elizak
zuzenean aukeratutako irakasle sail bat, bestetik.
Irakasleok, ustez, boluntarioak ziren, zeukaten titulazioa
zeukatela katekisten artetik aukeratutakoak. Gerora, «boluntario»
sail horretatik, kontratu berezia zuen irakasle talde bat
sortu zen, Funtzio Publikoaren legeek ziotenaz bestera.
LOGSE legea etorri zen gero, baina ez zuen
konpondu, ez modu itxurosoan behintzat, ez irakasleen
kontua, ez erlijioa ikasketa planetan sartzekoa. Ikasketa
planetan ez sartzeko, hiru argudio erabili ziren
erlijioaren kontra: batetik, pribilegiozko egoera bat
sortuko zen, Vatikanoaren eta Estatuaren arteko akordioek
beste talde erlijiosoei aitortzen ez zietena aitortuko
ziotelako talde jakin bati, Estatua ez baitzen
konfesionala; bestetik, zenbait ikaslek (katolikoek)
pribilegio hori izateko, gainerako ikasleak irakasgai bat
gehiago izatera behartuko zituzten, Erlijioa edo haren
ordezkoa izatera alegia, eta, azkenik, erlijioa ezin bide
zen eskolako irakasgai hutsera ekarri, funtsean hori baino
gehiago zelakoan. Hala, bada, LOCE legeak, bigarren
xedapen gehigarrian, Gizartea, Kultura eta Erlijioa
irakasgaia sortu du ikasle guztientzat, nahitaezkoa. Bi
aukera daude, hala ere, horren barruan: irakaskuntza
erlijioso konfesionala eta konfesionalaz besteko
irakaskuntza erlijiosoa. Lehenengoan, sineste guztien
erlijio eta moral ikastaroak ematen dituzte; bigarrenean,
munduko kultura handien oinarri erlijiosoari buruzko
programa bat lantzen dute.
Zer alde dago, beraz, oraingo legearean (LOCE) eta
LOGSEren artean? Bateko, irakasgaiaren egitura bestelakoa
da. LOCEk Gizartea, Kultura eta Erlijioa esparrua sortu du
ikasketa planetan, eta sinestunak izan, sinesgabeak izan,
guztientzat da nahitaezkoa irakasgaia. Konfesionala izan,
konfesionalaz bestekoa izan, biak ikasketa plan beraren bi
aukera dira. LOGSErekin, ikasle batzuek Erlijioa ikasten
zuten; gainerakoek, aldiz, haren ordezko zerbait lantzen
zuten. Besteko, Gizartea, Kultura eta Erlijioa irakasgaian
ateratako notak ikaslearen eskola dosierrean ageri dira
orain, izen horrekin. LOGSErekin, arestian aipatutako
akordioei esker lantzen zen erlijioa; akordio horiek,
ordea, erlijio katolikoari buruzkoak ziren bakarrik, baina
LOGSEk beste erlijioak irakasteko ere baliatu zituen.
LOCEren arabera, aldiz, erlijioarentzako tartea
nahitaezkoa da, Konstituzioak hala aginduta; hala,
herritarrek nahi duten heziketa erlijioso eta morala
izateko modua egitera behartzen ditu Konstituzioak botere
publikoak. Oinarri juridikoa, beraz, ez dago akordioetan,
Konstituzioan bertan baizik.
Gure ustez, LOCEren arau sailak bi ahulgune ditu:
irakasgaiaren ebaluazioa eta eskolak eman behar dituzten
irakasleak, hain zuzen ere.
LOGSErekin, Erlijioa irakasgaitik kendu egin zituzten
azterketak, 1979tik erlijioaren eskolako irakaskuntza mota
eta kristau ikasbidea teorian, behintzat bat ez zirela
jakin gabe. Azterketak kentzean, gure ustez, jakintza arlo
horren irakasgai izaera ezabatu zuten, nolabait. Notak
banatzeak irakaskuntzan jarraibideak eta arauak ezartzen
laguntzen du. Horregatik, guk uste dugu irakasgai honen bi
aukeretan azterketak egin behar direla eta gurasoei
txostena bidali behar zaiela, gainerako irakasgaietan egin
ohi den moduan. Baina, gure ustez, ez litzateke kontuan
hartu behar eskola dosierrean sartzeko, bekak lortzeko eta
Selektibitatearen ordezko Batxilergoko Proba Orokorra
egiteko; izan ere, aukera konfesionala eta konfesionalaz
bestekoa izanik eta konfesionalaren barruan hainbat
erlijio izanik, ez da ziurtatzen irizpide zuzena erabiliko
denik.
Horixe da Gizartea, Kultura eta Erlijioa irakasgaiak duen
bigarren arazoa, irakasleena. Gaur egun horiek Espainiako
Estatuaren eta erlijioen arteko akordioek diotenari
jarraitzen diete, batez ere. Haien egoera juridikoa ez da
bat; erlijio bakoitzaren baitan dago. Hala, ez da bera
erlijio katolikoko irakasleen egoera eta judaismokoena,
islamekoena eta ebanjelismokoena. Erlijio katolikoko
irakasleak Eliza katolikoak proposatzen ditu urtero, eta
haiek kontratu bidezko lotura izaten dute hezkuntza arloko
administrazioarekin. Ondo iruditzen zaigu erlijioetako
arduradunek ikasketa planean eskua sartzeko aukera izatea
eta beren erlijioa irakatsi behar dutenak hautatzean eta
haiei azterketak egitean zer esana izatea. Baina,
eskolaren helburuak kontuan hartuta, aldi berean, exijitu
egin beharra dago Estatuaren edo, zehatzago, hezkuntza
alorreko eskumenak dituzten erkidego autonomoetako
gobernuen ardura ere badela; ez alferrik, 1979koaren
aldean, eskumen aldetik oso bestelakoa da hezkuntza arloko
egoera. Beraz, Hezkuntza Administrazioak ezin dio muzin
egin duen ardurari erlijio bakoitzeko buruekin
azpikontratu modukoak eginez. Italian indarrean duten
ereduari erreparatu eta hona ekartzea litzateke ardura
hori partekatzeko modua: han, Erlijioa eta Morala
irakasgaia emateko jantzita daudela erakutsi behar diete
Erlijio irakasleek buru erlijiosoei; baina, aldi berean,
eskolak emateko gai direla frogatu behar diete hezkuntza
arloko buruei. Bi horiek frogatzen badituzte lor dezakete
bakarrik irakasle postua. Era berean, Hezkuntza
Administrazioak ziurtatu behar du irakasleok, behar bezala
homologaturik, gainerako irakasleen pareko soldatak eta
lan baldintzak dituztela.
Konfesionalaz besteko irakaskuntza erlijiosoko irakasleei
dagokienez, arduragabekeria galanta da gaia erakusteko
lana Gizarte Zientzietako eta Filosofiako irakasleen esku
uztea prestakuntza berezia jaso ez badute. Hala, gure
ustez, beharrezkoa da dagoeneko eskolak ematen dituzten
eta irakasgaia eman nahi duten irakasleentzat propio
ikastaro bereziak antolatzea, eta uste dugu, batetik, atal
berezi bat sortu beharko litzatekeela irakasle eskoletan
eta fakultateetan, ikasketak hasi bezain pronto irakasgaia
lantzeko, eta, bestetik, konfesionalaz besteko
irakaskuntza erlijiosoko nolabaiteko irakasle agiria
ateratzeko aukera eman beharko litzatekeela, horretarako
zen ikasi behar den zehaztuz.
Hezkuntza arloan arazo asko daude eta Erlijioaren kontua
horren adibide argia da. Urteetan irakatsi izan da
erlijioa, baina berritzeko ahaleginak egin beharra dago,
unean uneko gizarteari, ikasleei eta gurasoei zerbitzu
onena emango badie. Bi oztopo ditu, baina: bata, ikasketa
planetan irakasgai konfesional bat izatea eta hori
hautazkoa izatea; bestea, irakasle taldea nabarmena eta
oso espezializatua izatea eta lan egoera kaskarrean egotea.
Beharbada, hobe izango litzateke ikasle guztientzat
irakasgai bakarra jartzea eta hura konfesionala ez izatea,
nahitaezkoa izatea, azterketak egitea eta eskola
dosierrean kontuan hartzea, baina ikasitakoa balio
etikoetan oinarritua egotea, eskolak Gizarteak, Kulturak
eta Erlijioak sailean jantzitako irakasleek ematea eta,
hala nahi dutenentzat, eskola horiek eskolaz kanpoko
orduetan kristau ikasbideko kanpoko edo barruko
boluntarioek osatzea.
Erlijio(ar)en irakaskuntzak herritarrak erlijio anitzeko
gizartean integratzeko zeregina dauka, besteak beste.
Horretarako, ezinbestekoa da erlijioek beren artean eta
Hezkuntza Administrazioarekin oinarrizko itun bat egitea,
eta itun horrek kultura anitzeko gizartearen funtzio
integratzailea bermatuko duen irakaskuntza ekarriko duten
oinarri komunak onartzeko behar luke izan. Hala, ikasle
guztiek beste erlijioei buruz oinarrizkoa ikasiko lukete
eta erlijioen arteko hartu-emanak ziurtatuko lirateke.
Noski, horrek eskolako guztien ikasketa planean proposamen
proselitistak egiteari uztea ekarriko luke. Erlijio
bakoitzak jakin behar du eskola denontzako lekua dela eta
gainerako erlijioekin eta aukera agnostikoekin partekatu
beharrekoa dela, hau da, bertan elkarrekin eskola
komunitatea osatzen dutela suerte guztietako sinestunek
eta inolako erlijiori jarraitzen ez diotenek.
|